XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Abendaño'k eta Ganboa'k Gernika'ko Aritzaren aurretik erori bear dute.

- Enaiz gudu billa etorri, pake billa baizik; baiñan zuk zipo egiten ba'didazu, nik gizonki jasoko dut.

Olaso'ko jauna ezpaita borrokazale, baiñan ezta bildurtia ere.

- Zin egin nuen ene odolekoen illobi aintzinean jarraitu zuen Presebal`ek berriro berotuta, beren eriotzak mendekatzea Ganboarren eta Abendañotarren odolez.

Beraz, nire ezpata zuen odoletan bustiko da ala zuena nirean, baiñan, zuek eta ni ez gera mundu onetan bizikide izanen.

- Presebal, otoi, entzun zaidazu: Nik ez nuen odolekorik galdu Otsandio'n zuk bezala eta ez daramat ene barruan zuk daramazun oiñazea.

Baiñan, aditu orain ene esana: Ihoane Zaharrak'k Otsandio'n egin zuenaren egia jakin nuen bezain laister, zu zeu aiña sumindu nintzen eta Ihoanes Abendañoko'ren eta ene aitonaren basakeri ikaragarria gaitzetsi nuen.

Areago, oraindik orain, orduan bezalaxe gaitzesten dut.

Nire alderdikoek, nire odolekoek, nire amak berberak, ez didate barkatzen ene pentsakizun au.

Nik, ordea, ezin dezaket ilkintza onetsi eta goretsi, eta gure alderdikeri setatsu, makur eta krudelekin erabat bukatzea da ene elburu bakarra.

Era ontan pentsatzen dudalako, nire alderdikoek traidoretzat naukate, baiñan, ez dit axolarik.

Pakearen elburu doneak eraginda bakarrik etorri naiz zuen artera, zure osabak egindako deiari jarraiki, zuek niganako dituzuten asmoak jakiteke, ots, ene larrua Butroe'n uzteko arriskua leporatuz.

- Egietan diozu guztiori ala tankerak egiten ari zera?

Galdetu zion Presebal'ek arrituta eta sinisgogor bidebatez.

- Eztut zertan tankerak egiten ari.

Ni enaiz ez Ihoan Zaharra eta ez Jaun Txerran, Matxin Ganboa Olasoko baizik eta nire aurrekoen egintza makurrekin eztaukat zer ikusirik.